jueves, 1 de marzo de 2018

EBALUAZIOA

Haur Hezkuntza, espazioaren antolamendua izeneko ikastaroaren amaierara iritsi gara eta ebaluazioa gauzatzeko unea da orain. Horretarako azken hausnarketa hau burutu dut. 

Hasteko esan nahiko nuke, ikastaroaren izenak berak erakarri ninduela. Espazioen garrantzia ikaragarri handia dela ohartuta nire burua alor honetan gehiago formatzeko premia sentitzen nuen aspalditik eta aukera ezinhobea iruditu ziztaidan honakoa. Sarritan, gure praktikak burutzerakoan, "tradizioz" horrela egin direlako guk ere era berdinean burutzen ditugu. Maiz gertatzen da, gure diskurtsoa eta eguneroko ljarduna ez datozela bat. Berrikuntza metodologikoetan sinisten dugun arren, praktikan ez ditugu gauzatzen aldaketa horiek, konraesankorra den sinesmen eta praktikaren artean koherentzia bermatzen ez dugularik. Gauzak honela, eta norberatik hasi beharreko aldaketa prozesuan murgiltzeko gogo eta ilusioarekin, ikastaroak hausnarketa burutzeko aukera eman dit. Kontzientzia handiagoa hartu dut sinesten eta egiten dudan horren artean koherentzia garbia egon behar duela. 
Gainera, Hezkuntza publikoko langilea naizen aldetik, iruditzen zait uste zabaldua dela aldaketak gauzatzearen zailtasuna. Horrela dela pentsatzen jarraitzen dut, baina zaila izateak ez du esan nahi ezinezkoa denik. Aldaketa txikiak poliki gauzatuta norberak bere esparrutik, aldaketa handiago baterako helburuarekin. Ikusi dut posiblea eta egingarria dela eta horrek lanean jarraitzeko arnasa, indarra eta gogoa eman dit.

Horregatik, hausnarketatik haratago joateko aukera eman dit ikastaroak, beldurrak eta erresistentziak gainditu eta aldaketa txikiak egiten hasi naiz. Aurten gainera, lanean nagoen ikastetxean, berrikuntza metodologikoetan murgildu gara eta horrek ezinbestean espazioen antolamenduaren zein materialen berrikusketa ekartzen du nahitaez. Lan handia burutzen ari garen ikasturte honetan, aldaketa hauek ikaslegoarengan sortzen dituen onurak ikusi ahal izan dut. 5 urteko geletan hasitako "froga" hau, modu naturalean, 4 urteko gelara zabaldu zen eta gure asmoa da Haur Hezkuntzako etapa osora zabaltzea. 
Horregatik, etapa osoan oraindik sistematizatua ez badago ere, hori da gure erronkarik potoloena. Gure artean bakoitzaren esperientziak, ideiak, kezkak, bizipenak, esperientziak... partekatu ditugu eta horrek lantaldearen sendotasuna eta elkarlana ekarri du. Hala ere, ez da dena hain erreza eta zoragarria izan eta lan taldean erresistentziak agertu dituzten zanbait pertsona ere aurkitu ditugu. Baina egoera hau negatiboki baloratu beharrean, aberasgarria izan dela iruditzen zait, izan ere, txikiagoak eta motelagoak izan badira ere eman beharreko urratsak, aurrera egin dugu aldaketa txikiekin bada ere. 

Iruditzen zait gainera, sarritan erresistentziak agertzen dituzten pertsona horiengan ezjakintasuna eta beldurra direla nagusi. Gure lana beste modu batean egiten ikasi beharreko segurtasun eza alegia.  Nik neuk ere, inoiz sentsazio hori sentitu izan dut. Ondo ariko ote naiz? Baina horri aurre egiteko ikastaroko kideen aportazioak oso baliagarriak izan zaizkit. Garrantzitsua da jakintza partekatzea, beste batzuek nola lan egiten duten ikustea, zer nolako baliabideak, tresnak eta espazioak dituzten, esperientzia eta bizipenak partekatzea... besteengandik asko dugulako ikasteko eta ikastaro kide guztiengandik aportazio ederrak egin direla iruditzen zait.

Zalantza gehiago sortzen zait nire ikastaro kideen aportazioetan nire partaidetza aberasgarria izan den. Iruditzen zait foro espazioak ez ditugula behar adina erabili. Agian dinamika ez dugulako ondo ulertu edota denbora nahikoa ez dugulako izan zeuden gai garrantzitsu guztiei heldu ahal izateko. Penaz bada ere, oraingoan ezin izan diogu nahi bezala alor honi erantzun, baina hurrengo batean parte hartze handiagoa bermatzeko nire konpromezua hartzen dut.

Beste barik, agurtzen naiz. Zuekin horrelako espazioak partekatzeko aukera eman didazuen guztioi eskertuta. Bestelako eremutan elkartuko garelakoan, agur bero bat denoi eta hurrengorarte!







jueves, 22 de febrero de 2018

EKINTZARA: DUDANAREKIN ZER?

Hausnarketan murgilduta egon gara orain arte. Duguna aztertu eta diagnostikoa burutzeari ekin diogu aurreko asteetan. Gauzak honela, hitzetik ekintzara pasatzeko unea iritsi da.
Aurten lanean nagoen eskolan, berrikuntza ezberdinak egiteko asmotan ari gara. Metodologia, espazioen antolamendua eta materialak izan dira batez ere esku artean izan ditugun eremuak eraldaketa gauzatzeko intentzioarekin. Jarraian, honen guztiaren inguruko hausnarketa eta gauzatutako aldaketen irudiak agertuko dira.
 
ERALDAKETAREN ZERGATIAK
Ate irekiak, gela irekiak, ambiente edo giroak, espazio komunak... terminologia ezberdinaz izendatzen den XIX.mende bukaera eta XX.mende hasieran Eskola berriak (Deweyren eskutik, Decroly, Ferriere, M.-Montessori, Claparede, Pestalozzi ezagunak zaizkigula) proposatzen zituen Hezkuntzaren berriztapenerako printzipio pedagogikoetan oinarritzen da, gaur egun, pedagogia aktibo eta biziaren zutabeetako bat izanik. Nire bizipenetatik, lan esperientziatik, formakuntzatik eta hausnarketatik abiatutako proposamena da, ibilbide pertsonal baten ondoriozkoa.
Haurrei eskaintzen diegun espazioa zabalagoa izan dadin, jolasak aberatsagoak, materialak anitzagoak, harremanatzeko aukerak anitzagoak eta horrekin batera, ikaskuntza aukerak zabaltzea helburu nagusiena izanik, zirkulazio librea Haur Hezkuntzako etapan sistematizatzea da erronka.
 
- Proposamen pedagogiko bateratua izatea etapa osorako. Espazioa elkarbanatu, horretarako espazioak partekatuz. Erreferentziazko talderako lan denborak errespetatuz (espezialistak, ahozkotasuna, matematika, ipuinen lanketa, ...etab.), jolas librerako-txokoetako denbora maila bakoitzeko bi geletan gauzatu da. 
- Haurren zirkulazio librea proposatu dugu, aipatutako Marko teóriko amankomun batean oinarrituz: M.MOntessori, R.Emiliako eskolak, Konstruktibismoaren ekarpenak, Pedagogia Aktiboaren proposamenak.
- Nola gauzatzen dugu? Kontutan hartuz gela bakoitzak duen ordutegia, erreferentziazko talde lanari dagokion denbora kenduta, beste denbora guztian haurrek aukera izatea nahi duten gelan, txokoan, denboraz eta jolasean aritzea. Hau da, aurretiko taldeak finkatu gabe, errotaziorik gabe. Haur bakoitzaren ardurapean eta interesen araberako jarduna. 
- Zer gertatu da? 5 urteko geletarako proposamena zena, 4 urteko geletara zabaldu da haurren interesetatik abiatuta, esplorazio horri jarraiki beste eremuak ezagutu eta bertan jarduteko motibazioak eraginda eta batez ere, haurren arteko harremanetarako grina bultzatuta.
Egun, 4 eta 5 urteetan aurrera eramaten den hau, 2 eta 3 urteko geletara zabaltzea da asmoa. Ikasturte honetan beraz, etapako diagnostikoa burutu eta horrekin batera 4 eta 5 urteko geletan "froga" gauzatzeari ekin diogu. Esperientzia honen onurak eta abantailak aztertuta hurrengo ikasturtean etapa guztiari zabaltzea da eskolako asmoa.
 
Gauzak honela, aldaketa txikiak egiten hasi gara 3 urteko geletan. Espazioari dagokionez, honako aldaketa hauek burutu dira:
 
- Urtxintxa metodoa jarraitzen dugunez eta une honetan gorputza lantzen ari garenez, jolas sinbolikoa gauzatzeko espazioa (orain arte etxe txokoa izan dena) moldatu dut, medikuen txokoa bihurtuz. Hona hemen argazki batzuk:
 
 







 
- Materialak hezkidetzaileak izateko asmotan ere, honakoa sortu dut gorputza eta identitatea lantzeko asmotan.
 
 

 
- Horrez gain, gela dauden espazio ezberdinetan material berriak aurkeztu ditut. Besteak beste, idazketa txokoan are kutxa eta matematika txokoan, material manipulatiboak.
 

 
 

 
- Ikasleen autonomia garatzeko ere, edalontziak beraien eskura jarri ditut.


 
- 5 urteko geletan espazioak nola antolatuta dauden aurkezten dituen zenbait argazki.
 





 
 
- Horrez gain, patioaren eraldaketa burutzea da esku artean dugun beste erronketako bat. Ramiro de Maeztu eskolako HH patioa berrantolatzeko beharra sumatu da urteetan zehar, arrazoi desberdinengatik eta 2017-2018 ikasturte honetan hausnarketa eta erabakiak hartzeari ekin diogu, honako arrazoiengatik:
- Umeak aspertu egiten dira eta jokabide-jolas zatarrak eta erasokorrak dituzte.
- Naturarekiko kontaktua eskasa da.

- Jostailuak eta jolasak ez daude.
- Ez dago espaziorik ekintza sentsioromotorea egiteko
- Ez du genero ikuspegia kontutan hartzen eta neska eta mutilen artean ez da berdintasuna bermatzen.
Beraz, patioaren eraldaketa gauzatzeko asmoz eta proiektuen formakuntzan murgilduta gaudenez gero, eskolako patioaren berrantolaketari buruzko proiektua gauzatzen ari gara, Haur Hezkuntzako ikasle guztien proposamenak jasoz. Epe luzera, aurrekontu zehatz batekin eta udalaren dirulaguntza medio eraldaketa handiagoa burutuko bada ere, gure esku egon diren aldaketa txikiak gauzatu ditugu, batez ere materialei dagokienez. Hona hemen material horien zerrendatzea:
- Pilota handiak eta txikiak
- Soka luzeak eta laburrak
- Oihalak
- Uztaiak
- Liburutegi txikia: bankuak eta ipuinak
- Kartoizko kutxa handiak
- Plastikozko fruta kutxak
-Klarionak

 



Aurretik aipatutako aldaketa hauek guztiek, haurrei ezagutza eta inguru aberatsagoa eskaintzen die. Ekintza askearen ondorioz, interes, nahi eta berezkoak diren erritmoak gehiago errespetatzen dira. Behar pertsonalak (intelektuak, afektibo eta sozialak) modu egokiago batean ase ditzake haurrak eta guk, helduok, horretan laguntzen diegu eraldaketa hauen bitartez. Benetako autonomia landu eta garatzeko aukera:erabaki propioak hartea, konzentrazioaren lanketa, autoestimaren garapena, berezko potentzialen garapenean indartzea eta jarrera kritikoa sustatzea, adibidez. Haurren partehartzea eta motibazioa handitu egin da. Gainera, harremanak hauek eskola mailan hobetu dira, izan ere, harreman sozial aberatsagoak pertsona anitzak ezagutu eta jarduteko aukera dagoelako. Horri gaineratuz, familiartekoen elkartzeak ekar ditzakeen onurak. Helduok gainera, haur guztienganako ardura eta harreman zuzenago hartzea ekarri du, talde errferentzia izatetik denon erreferente izatera pasatzea).

PROPOSAMEN PEDAGOGIKOA
Orainarteko azalpenean oinarrituz eta kontutan hartuta aipatutako puntu ahul eta positiboak, Gela Irekien proposamena eskolako zutabe bilakatzea, berrikuntza pedagogikoaren beste atal bat bezala (psikomotrizitatea, patioaren eraldaketa eta proiektuen bidezko ikaskuntza izan daitekeen bezala).
PROPOSAMEN ETA MATERIALAK
- Kalitatea zaindu, aniztasuna kontutan izan, aberastasuna, erabilpena, hezkidetzaileak izan daitezela.
- Gela bakoitzeko proposamenak eta materialak adostu, errepika ez daitezen. 
- Erabilpenerako arautegia adostea. (geletan, geletatik kanpo, berezkoak ez diren helburuak, ...)
 KOORDINAZIOA
Hamabostean behin koordinazio bilerak gauzatze, "eskuhartzea koherentea eta esanguratsua izan dadin".
- Haurren jardunak, erronkak, bizipenak eta ebaluazioa egitea
- Heldu bezala ditugun zalantzak, beldurrak, bizipenak partekatzea
- Helduaren papera definitzea
-Proiektu bizia den heinean, sortzen diren gaiei heldu eta hobekuntza proposamenak egitea

PEDAGOGIA AKTIBOETAN OINARRITUTAKO METODOLOGIA
Ikaskuntzaren eraikuntzan, elkarren arteko kulturaren sorreran, sormenaren garrantzian, haurren protagonismoa, bakoitzaren bizi eta jarduteko erritmoa errespetatzea nahi badugu, gure egunerokoa gidatuko duen argitaletxe batek sortutako materialean oinarritzeak, nirt ez du zentzu handirik. lagundu baino, mugatzen gaituela, estandarizatu e normalizatzen gaituen aldetik, haurren aniztasuna ez duela errespetatzen ulertzen dut.
Ordean, pedagogia desberdinek proposatzen dituzten planteamenduetan sakonduko nuke: proiektuen bidezko ikaskuntza, psikomotrizitate bibentziala, ipuinen bidezko euskararen sustapena, hezkuntza naturala (naturarekiko harremanak estutu eta bultzatzea eskolan), hezkuntza emozionala, argiaren pedagogia, zirkulatzio librearen planteamendua, talde eragileak, matematika manipulatiboa, material egituratu (dienes, montessori, ...) eta egituratu gabeen erabilpena...
ERREFERENTZIAK:
-Reggio Emiliako eskolak
-EL Martinet eskola (Ripollet)=
-Mendigoiti (Iruña)
-San Frantzisko (Iruña)
-Antzuola
-Amara Berri
-Pestalozzi (Ecuador)
 

lunes, 19 de febrero de 2018

INFOGRAFIA: berrantolaketa zertarako?

Aste honetako eginkizuna Heziberri 2020 markoarekin lotu dugu. Edozein aldaketak, oinarrian marko legala behar duelako. Jakin badakigu, konpetentziak eta helburuak direla curriculumaren hezurdura. Horregatik, oraingo hausnarketan, gure espazioaren antolaketak galdera hauei erantzutera eramango gaitu.
* Espazio bakoitzean zein helburu betetzen dira eta zein konpetentziak garatu?
* Hezitzaileak espazio honen aurrean zein jarrera hartzen du? Zer lortzeko antolatzen du?
* Haurrak zer egin dezake espazio antolaketa honetan? Benetako protagonista da?
* Familiarentzako ba al dago lekurik espazio honetan? Eskola komunitateko beste partaideek?
* ...
Emaitza, azalpen sintetizatua modu grafiko-bisualean aurkezten da: infografia. Hona hemen nik sortutakoa.

martes, 13 de febrero de 2018

DAFOA

Eskolan berrikuntzak egiteko prozesu honetan, ezinbestekoa da eskolaren hausnarketa eta analisia egitea. Horretarako eta espazioen inguruko hausnarketa burutzeko asmoz honako DAFO hau sortu dut.

AURKEZPENA

Kaixo

Goretti Eskalza naiz. Aurten Oiongo Ramiro de Maeztu ikastetxean lanean nago. Eskola bi eraikin ezberdinetan antolatuta dago. Eraikin batean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza bestean.
 
Haur hezkuntzako eraikina
 
Lehen hezkuntzako eraikina

 
Aurten, Haur Hezkuntzako lan-taldea aldaketak burutzeko asmotan gabiltza. Hortaz, espazioak berrantolatu eta metodologian aldaketak burutzen hastea da gure asmoa. Proiektuka lan egiteko formakuntzan murgiltzearekin batera, espazioak eraldatzea da gure beste helburuetako bat. Zirkulazio librea gauzatzen hasi gara 4 eta 5 urteko geletan. 2 eta 3 urteko gelak aldiz ez gara oraindik honetan murgildu, nahiz eta etorkizun hurbil batean hori den asmoa.
 
3 urteko gela batean lanean nago aurten eta hona hemen nire gelaren oraingo antolaketaren bideo labur bat. Hurrengo egunetan argazkiak igoko ditut espazioak hobeto aurkeztu eta behatu ahal izateko.


 
Haur Hezkuntza, espazioaren antolaketa ikastaroa burutzeak espazioan hobekuntzak gauzatzeko bide emango didalakoan nago. Hurrengo sarreretan honen guztiaren berri emateko parada izango dudalakoan, laster arte!