jueves, 1 de marzo de 2018

EBALUAZIOA

Haur Hezkuntza, espazioaren antolamendua izeneko ikastaroaren amaierara iritsi gara eta ebaluazioa gauzatzeko unea da orain. Horretarako azken hausnarketa hau burutu dut. 

Hasteko esan nahiko nuke, ikastaroaren izenak berak erakarri ninduela. Espazioen garrantzia ikaragarri handia dela ohartuta nire burua alor honetan gehiago formatzeko premia sentitzen nuen aspalditik eta aukera ezinhobea iruditu ziztaidan honakoa. Sarritan, gure praktikak burutzerakoan, "tradizioz" horrela egin direlako guk ere era berdinean burutzen ditugu. Maiz gertatzen da, gure diskurtsoa eta eguneroko ljarduna ez datozela bat. Berrikuntza metodologikoetan sinisten dugun arren, praktikan ez ditugu gauzatzen aldaketa horiek, konraesankorra den sinesmen eta praktikaren artean koherentzia bermatzen ez dugularik. Gauzak honela, eta norberatik hasi beharreko aldaketa prozesuan murgiltzeko gogo eta ilusioarekin, ikastaroak hausnarketa burutzeko aukera eman dit. Kontzientzia handiagoa hartu dut sinesten eta egiten dudan horren artean koherentzia garbia egon behar duela. 
Gainera, Hezkuntza publikoko langilea naizen aldetik, iruditzen zait uste zabaldua dela aldaketak gauzatzearen zailtasuna. Horrela dela pentsatzen jarraitzen dut, baina zaila izateak ez du esan nahi ezinezkoa denik. Aldaketa txikiak poliki gauzatuta norberak bere esparrutik, aldaketa handiago baterako helburuarekin. Ikusi dut posiblea eta egingarria dela eta horrek lanean jarraitzeko arnasa, indarra eta gogoa eman dit.

Horregatik, hausnarketatik haratago joateko aukera eman dit ikastaroak, beldurrak eta erresistentziak gainditu eta aldaketa txikiak egiten hasi naiz. Aurten gainera, lanean nagoen ikastetxean, berrikuntza metodologikoetan murgildu gara eta horrek ezinbestean espazioen antolamenduaren zein materialen berrikusketa ekartzen du nahitaez. Lan handia burutzen ari garen ikasturte honetan, aldaketa hauek ikaslegoarengan sortzen dituen onurak ikusi ahal izan dut. 5 urteko geletan hasitako "froga" hau, modu naturalean, 4 urteko gelara zabaldu zen eta gure asmoa da Haur Hezkuntzako etapa osora zabaltzea. 
Horregatik, etapa osoan oraindik sistematizatua ez badago ere, hori da gure erronkarik potoloena. Gure artean bakoitzaren esperientziak, ideiak, kezkak, bizipenak, esperientziak... partekatu ditugu eta horrek lantaldearen sendotasuna eta elkarlana ekarri du. Hala ere, ez da dena hain erreza eta zoragarria izan eta lan taldean erresistentziak agertu dituzten zanbait pertsona ere aurkitu ditugu. Baina egoera hau negatiboki baloratu beharrean, aberasgarria izan dela iruditzen zait, izan ere, txikiagoak eta motelagoak izan badira ere eman beharreko urratsak, aurrera egin dugu aldaketa txikiekin bada ere. 

Iruditzen zait gainera, sarritan erresistentziak agertzen dituzten pertsona horiengan ezjakintasuna eta beldurra direla nagusi. Gure lana beste modu batean egiten ikasi beharreko segurtasun eza alegia.  Nik neuk ere, inoiz sentsazio hori sentitu izan dut. Ondo ariko ote naiz? Baina horri aurre egiteko ikastaroko kideen aportazioak oso baliagarriak izan zaizkit. Garrantzitsua da jakintza partekatzea, beste batzuek nola lan egiten duten ikustea, zer nolako baliabideak, tresnak eta espazioak dituzten, esperientzia eta bizipenak partekatzea... besteengandik asko dugulako ikasteko eta ikastaro kide guztiengandik aportazio ederrak egin direla iruditzen zait.

Zalantza gehiago sortzen zait nire ikastaro kideen aportazioetan nire partaidetza aberasgarria izan den. Iruditzen zait foro espazioak ez ditugula behar adina erabili. Agian dinamika ez dugulako ondo ulertu edota denbora nahikoa ez dugulako izan zeuden gai garrantzitsu guztiei heldu ahal izateko. Penaz bada ere, oraingoan ezin izan diogu nahi bezala alor honi erantzun, baina hurrengo batean parte hartze handiagoa bermatzeko nire konpromezua hartzen dut.

Beste barik, agurtzen naiz. Zuekin horrelako espazioak partekatzeko aukera eman didazuen guztioi eskertuta. Bestelako eremutan elkartuko garelakoan, agur bero bat denoi eta hurrengorarte!